XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HIRU

Kirioetatik jota nengoen janzki urdin ilun berdinaz eta gorbata kolore min berdinaz jantzitako beste gizon bat klub klaseko itxarongelara sartu eta gertatutakoaren berri eman behar zigula esan zigunean.

Berrogeita hamar bat lagun egongo ginen eta hogei bat minutu edo generamatzan han.

Juani txantxetan ibiltzeko gogoa joana zitzaion eta oso aurpegi kezkatia jarri zitzaion.

Ez zen gutxiagorako. Ni gainontzekoengana bueltatu nintzen nebarekin telefonoz hitz egin eta gero.

Zer ordu zen galdetu zidan kuaternariotik sortutako ahotsaz. Mertxez ezta galderarik ere. Iratzartzeagatik errieta egitera murriztu zen, oso gaizki lo egin zuelako aitzakiaz eta buruko min handia zuela eta, jarraian, telefonoa eseki eta aho-zabalik utzi ninduen.

Tira, mesede bat eskatzeko ere!

Juan azafatak zerbitzatu zion kafea hartzen ari zen eta guztiei begiratzen zien hitzik ahoskatu gabe.

Aldamenean eseri nintzaion eta zain geratu nintzen.

- Ia behingoz zer demontre gertatu den esaten diguten -esan zuen murduska ahopean.

Azkenean, gizon janzki urdindunak mikrofonoa hartu eta aurrean paratu zitzaigun.

Lau azafata, oso eder lisatu berri ziruditen uniformeez jantzita, atzeko aldean jarri zitzaizkion, gizonaren alde bietan simetrikoki banaturik: